Geoparkeko marearteko zabalgunera bisita gidatuak, lehenengoz Mutrikun

2016-05-04

Euskal Kostaldeko Geoparkeak datorren astebururako programatu dituen bisita gidatuen artean, “Marearteko zabalgunea” deritzona eskainiko da lehenengoz Mutrikun. Larunbatean eta igandean egongo da aukera.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak maiatzean ere, astebururo, publiko zabalari zuzendutako era guztietako proposamen erakargarriak eskainiko ditu Mutrikun, Deban eta Zumaian, ondare geologikoa eta naturala protagonistatzat hartuz.

Asteburu honetan, besteak beste, “Marearteko Zabalgunea” deritzon bisita gidatua egiteko aukera eskainiko du Geoparkeak, hil honetako marea biziak aprobetxatuz, eta lehenengoz Mutrikun ere egingo da. Orain arte, Zumaian eta Deban eskaintzen zuen Geoparkeak irteera gidatu hau, baina, hemendik aurrera Mutrikun ere egingo da eta larunbatean egingo da estreinakoz.

Bisita honek harritu egingo du bisitaria, ingurune honen edertasun eta aberastasunagatik. Itsasbehera oso behean dagoenean bakarrik egin daiteke. Gidari espezializatu baten laguntzarekin, bisitariek marearteko guneko ekosistema aberatsa ezagutzeko aukera izango dute: itsas izarrak, olagarroak, itsas erbiak… Irteera hau publiko zabalari eta 8 urtetik gorako haurrak dituzten familiei dago zuzenduta. Gomendagarria da haitzetan ibiltzeko oinetako egokiak eta ura eramatea.

Honela, larunbatean, maiatzak 7, Geoparkeko marearteko zabalgunea ezagutzeko bi irteera eskainiko ditu Geoparkeak eta igandean, maiatzak 8, beste bi. Larunbatean, Mutrikun ez ezik, Deban ere egingo da irteera hau. Bi irteerak goizeko 10:00etatik 13:15era egingo dira, biak gazteleraz. Igandean, berriz, Mutrikun eta Zumaian izango da aukera, ordu berean, 10:00etatik 13:15era. Mutrikun euskaraz izango da bisita eta Zumaian gazteleraz.

Egin erreserbak hemen.

Geoparkeko marearteko zabalgunera bisita gidatuak, lehenengoz Mutrikun