Bisoi europarrari buruzko erakusketa ibiltaria iritsi da Geoparkera

2016-10-25

Oñatiko Natur Eskolak sortu duen bisoi europarraren inguruko erakusketa Mutrikuko eta Zumaiako ikastetxeetan ikus ahal izango da, Geoparkearen ekimenez.

Argazkiak: Gorka Zabaleta / Baleike

Bisoi europarra “Galtzeko arriskuan” dauden espezien artean dago katalogatuta Espezieen Euskal Zerrendan. Mustelido haragijale erdi-urtarra da, gautarra eta ilajea motza eta txokolate kolorekoa duena. Animalia bakartia da eta 5 urte inguru bizi izaten da. Ertzak landare ugariz estalia dituzten bailaretako ibai garbietan bizi da eta habia edo gordelekua ibaiertzeko zulo batean kokatzen du, zuhaitzen sustrai artean, zuhaitz-enbor zulatuetan edo horma zaharretako zuloetan. Fruituak, arrainak, igelak, ibai-karramarroak, txori txikiak eta beste ugaztun txikiaz elikatzen da eta azeriaren, basa-katuaren edota hontz handiaren gustuko jakia da.

Ibaien kutsadura dela, bere habitataren desagerpena dela, harrapakinak gero eta gutxiago dituela eta larrua lortzeko haztegietatik ihes egindako bisoi amerikarraren konpetentzia zuzena dela eta, bisoi europarra galtzeko zorian dago.

Hau dela eta, Gipuzkoan animalia txiki hau babesteko eta berreskuratzeko Kudeaketa Plana onartuta du Foru Aldundiak eta, Euskal Kostaldeko Geoparkean, Mijoa erreka, Artzain erreka eta Narrondo ibaia, interes bereziko guneak dira.

Mutrikuko eta Zumaiako ikastetxeetan ikus ahal izango da egunotan erakusketa hau. Geoparkeko ingurumen arloko koordinatzaile Gonzalo Torreren eskutik, bisoi europarraren inguruko informazioa ari dira jasotzen ikasleak, hala nola, ezaugarri fisikoak, habitata, bizimodua, ohiturak, baita azken urteotan Europan bisoiaren eremuak izan duen murrizketa nabarmena ere.

Bere habitataren suntsiketak eta ibaien kutsadurak oso egoera larrian jarri dute espezie honen populazioa eta desagertzeko zorian dago. Animalia hau berreskuratzen laguntzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak abian du LIFE programa.

 

  

 

  

 

Bisoi europarrari buruzko erakusketa ibiltaria iritsi da Geoparkera