Gaitu proiektuarekin bat egin dute Geoparkeko hiru udalek, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira

2023-11-21

Euskararen Nazioarteko Eguna gerturatzen ari den honetan, Euskal Kostaldeko Geoparkeko Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalek bat egin dute Gaitu proiektua sustatzeko kanpainarekin. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakundu Publikoak sustatu dute Gaitu egitasmoa, honako erronka kolektiboa planteatuz: makinei, teknologiari eta adimen artifizialari euskara irakastea, mundu digitalean ere euskaraz bizi gaitezen.

 

Guztion artean ahotsen datu-basea sortzea da egitasmoaren helburua. Izan ere, hizkuntza gutxituak ez daude enpresa teknologiko handien asmoetan eta euskaldunok guk geuk sartu behar dugu mundu digitalean. Behin datu-basea sortuta, enpresa guztiek erabili ahal izango dute euskarazko tresna eta aplikazio berriak sortzeko. Gure gailuetarako ahots teknologia euskaraz erabilgarri izatea euskaldun guztion onurarako izango da.

Ahots sistemak sortzeko, garatzaileek ahots grabazio asko eta askotarikoak behar dituzte. Horretarako, gaitu.eus webgunean sartu eta ahalik eta esaldi gehien grabatu behar dira euskaraz. Proiektuan parte hartzeko beste pare bat aukera ere badaude: batetik esaldi berriak idatziz, eta, bestetik, programak jasota dauzkan esaldien zuzentasuna baloratuz. Eginkizun oso errazak dira guztiak eta, gainera, erronkan parte hartzen dutenek sari bat irabazteko aukera izango dute.

 

Ekimen ugari gure herrietan

Deban, Mutrikun eta Zumaian hainbat ekimen egingo dira datozen egunetan hasi eta abenduaren 3ra (Euskararen Nazioarteko Eguna) bitartean.

Deban, abenduaren 2an eta 3an ahotsak grabatzeko tokia eta tartea eskainiko die Udalak hala nahi duten norbanako zein herriko eragileetako partaideei. Goizeko 10:00etatik 14:00etara, Udal Pleno aretoan grabaketak egiten arituko dira, txandaka-txandaka, euskararekin bat egiten dutela adieraziz modu horretara. Igandean, Euskararen Eguna dela aprobetxatuz, musika pixka bat eta jateko zeozer izango da bertan.

Mutrikun, abenduaren 3an jarri dute Gaituri bultzada emateko hitzordua. Ahotsak mokadu truke! Izenburupean, 11:00etan hasi eta 14:00ak bitartean Beheko Plazan elkartu eta norbere gailuarekin parte hartzeko aukera izango da. Trukean, Mutrikuko Udalak mokadutxo bat eskainiko die bertaratzen direnei. Gainera, ekimena girotzeko, bertso poteo musikatua egingo dute bertan, 13:30ean hasita.

Azkenik, Zumaian, KZgunea izango da ahotsak grabatzeko gune berezia. Azaroan arratsaldez eta abenduan goizez, egunero eskainiko dute aukera hori, ordenagailu bat egongo delako horretarako gordeta. Hori bai, badaezpada aurrez txanda eskatzea komeni da, 943023692 zenbakira deituta edota tutor.zumaia@kzgunea.net helbidera idatzita.

Herritar guztion artean ekarpen ederra egin diezaiokegu gure hizkuntzari eta kulturari. Zure ahotsa garrantzitsua da!

 

 

 

Gaitu proiektuarekin bat egin dute Geoparkeko hiru udalek, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira