‘Flyscha belaontzian', Geoparkea bisitatzeko modu berria

2023-06-29

Euskal Kostaldeko Geoparkeak ekoturismo proposamen berri bat gehitzen dio bere bisita gidatuen programari, belaontzian irteera bat eginez flyscha modu ekojasangarri, erlaxatu eta esklusiboan zeharkatzeko. Bisita eskainiko den lehen uda da eta, guztira, 8 irteera programatu dira, uztailaren 17an hasi eta irailaren erdialdera arte.

Geoparkearen proposamen berria 2 orduz nabigatzean datza, Zumaiako kirol-portutik abiatuta eta itsasertzarekiko paraleloan zeharkaldi bat eginez, ondoren abiapuntura itzultzeko. Maya belaontziak 11 metroko luzera du eta bertako marinel aditu batek gidatzen du. Flyscharen kostaldean zehar nabigazio dotorea eta lasaia eginez, munduko gune geologiko nagusienetako bat den Geoparkea hobeto ezagutuko du bisitariak. Irteerak astean behin eguerdietan egingo dira. Gehienez 6 pertsonek parte hartuko dute bisita bakoitzean, esperientzia paregabea eta lasaia izango dela bermatzeko.

Txango hau ezin aproposagoa da belaontzi txiki batean zeharkaldiak eskaintzen duen lasaitasun eta esklusibotasunarekin flyschaz gozatu nahi duten bisitarientzat. Nabigazioaren askatasuna sentitu nahi dutenentzat oso egokia da, Zumaia eta Deba arteko itsaslabarren paisaia handientsua patxadaz ikusteko aukera ematen baitu. Eskifaiako kideek ikuspegi pribilegiatuak izango dituzte eta Lurraren historiaren liburu handia "irakurtzen" ikasiko dute. Arnasa sakon hartzeko, begiak ixteko eta Kantauri itsasoko haizeak eta kresalak blaitzen uzteko gonbidapena da hau, paisaia eta une paregabean. Belaontzian flyschaz gozatzea Euskal Kostaldeko Geoparkean bizi beharreko beste abentura gogoangarri bat bihurtuko da.

Bisita gidatuen programa osoa (oinez zein itsasontziz, kostaldean eta barnealdean) geoparkea.eus webgunean eta Deba, Mutriku eta Zumaiako Turismo Bulegoetan kontsulta daiteke. Era berean, aipatu bulegoetan edo online egin daitezke erreserbak, modu azkar, seguru eta erosoan.

 

Flyscha belaontzitik

 

 

‘Flyscha belaontzian', Geoparkea bisitatzeko modu berria