Historiaurreko Bailaran txango geologikoa antolatu du Geoparkeak, Geolodia 2024ren baitan

2024-04-11

Zabalkunde geologikoa helburu duen doako irteera maiatzaren 11n egingo da, larunbatez, Deban

Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilario geologoaren eta Asier Gomez (UPV/EHU) paleontologoaren eskutik egingo da Mucha GEO en el Valle de la Prehistoria landa-txangoa. maiatzaren 11n, larunbatean. Debako Kirol Portutik goizeko 9:30etik abiatuta, Historiaurreko Bailararen (HAB) ibilbidea interpretatzen ariko da taldea 13:30ak arte. Gehienez, 40 lagunentzako tokia egongo da eta izena emateko lotura honetara jo behar da: labur.eus/geolodia.

HAB aire zabaleko museo liluragarria da, 3,5 kilometroko ibilbidean zehar Historiaurrea ezagutzeko eta sentitzeko aukera paregabea ematen duena. Bertan, arkeologia eta paleontologia-piezen erreplikak aurkituko ditu bisitariak, baita eguneroko eszenen irudiak eta informazio xehea ere, bailarako ikonografian inspiratutako 50 euskarriei esker.


Dibulgazio geologikoa xede

Geolodia Espainiako Geologia Elkarteak (SGE) bultzatutako dibulgazio-izaerako ekitaldi geologiko bat da, urtero Estatuko probintzia guztietan egiten dena. Geologiaren zientzia herritarrengana hurbiltzea du helburu, landa-txangoak antolatuz. Ekitaldi horrek aukera paregabea ematen du erliebearen ezaugarri nagusiak eta gertuko lurralde-ingurunearen ezaugarri geologikoak ezagutzeko. Aurtengo ekimenak maiatzaren 11 eta 12ko asteburuan egingo dira.

Landa-irteerez gain, hainbat jarduera birtual ere jartzen da publikoaren eskura: bideo-ibilbide geologikoak, Geohitzaldiak eta bideojoko bat. Beste hitzordu batzuek, berriz, geologiak mugarik ez duela deskubritzera gonbidatzen dute, esate baterako, Andorran egingo den Geolodia batekin, Portugal eta Frantziarekin mugaz gaindiko bi Geolodiarekin, eta lehen aldiz Mexikon egingo diren zortzi Geolodiei esker.

Online ekimenen artean Geohitzaldi birtualak izaten dira: Geologiak gizarte-erronkekin duen harremana jorratzen duten bideo laburrak, hala nola energia-iturri berrien bilaketa, SGEk Youtubeko bere kanalean eskaintzen dituenak. Gainera, Geolodia bereziak, gure Eguzki Sistemako beste planeta batzuk bezain urrun dauden lekuetara eramaten gaituzten bideo-formatuko txango birtualak eta, maiatza geologiko baterako jai-amaiera gisa, Geomanji bideojokoaren estreinaldia ere biltzen ditu Geolodiak.

 

 

 

 

Historiaurreko Bailaran txango geologikoa antolatu du Geoparkeak, Geolodia 2024ren baitan