Euskal Kostaldeko Geoparkea helmuga turistiko jasangarri gisa aurkeztu da Fiturren

2017-01-19

Geoparkeko ordezkaritza Madrilen da atzodanik, Fitur Nazioarteko Turismo Ferian.

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalerriek osatzen duten Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak presentzia bikoitza du aurten Madrilgo Fitur nazioarteko turismo azokan.

Batetik, natura-turismo eta geoturismo eskaintza zabalaren berri emango du Euskadiko standean, Euskal Kostaldeari eskainitako txokoan. Eta bestetik, Geoparkeak bere stand propioa du Fiturren, Europako UNESCO Geoparkeen Sarearen babespean. Bertan Naturtejo (Portugal), Sobrarbe (Huesca) eta Villuercas Ibores Jara (Extremadura) Geoparkeekin batera promozionatuko da, helmuga turistiko berritzaile eta jasangarri gisa.




Geoparkeko ordezkaritza osatu duten kideen artean daude, Debako eta Mutrikuko alkateak, Pedro Bengoetxea eta Jose Angel Lizardi, Zumaiako Udaleko ordezkariak, geoparkeko lantaldea, Leire Barriuso gerenteak eta Asier Hilario zuzendari zientifikoak osatua, eta Debabarreneko eta Urola Kostako eskualdeetako ordezkariak.

Agendan dituzten hitzorduen artean, gaur osteguna, 16:30ean, Garapenerako Turismo Jasangarriaren Nazioarteko Urtearen harira Geoparkeen Munduko Sareak eta estatu espainiarreko Geoparkeen Batzordeak antolatu duten ekitaldian parte hartuko dute. Ekitaldia Extremadurako standean egingo da eta bertan hartuko du hitza Nickolas Zourosek, UNESCOk babesten duen Munduko Geoparkeen Sareko presidenteak. Ekimen honen baitan aurkeztuko da “Geoparkeak, turismo jasangarriaren helmuga berritzaileenak" liburua. 

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko, Geoparkeko eta Debabarreneko ordezkariak Euskadiko standean


Leire Barriuso, Geoparkeko gerentea, eta Asier Hilario, zuzendari zientifikoa, Europako UNESCO Geoparkeen Sarearen standean 
Euskal Kostaldeko Geoparkea helmuga turistiko jasangarri gisa aurkeztu da Fiturren