'Gure mundua eraldatzeko 17 helburu' erakusketa ikusgai da Geoparkean

2017-10-09

Urriaren 6tik 15era ikusgai izango da Debako Agirre Jauregian, Unesco Etxearen eskutik.

"Gure mundua eraldatzeko 17 helburu" izeneko erakusketa urriaren 6tik 15era ikusgai izango da Debako Agirre Jauregian. Erakusketak Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren eta 17 helburuen berri zabaltzea du xede. Garapen iraunkorrerako helburuetako bakoitza ilustrazio baten bidez adierazita dago eta irudi horiek Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko artista hasiberriek nahiz eskarmentu handikoek eginak dira.

Unesco Etxeak antolatuta, hainbat erakunderen laguntza jaso du erakusketak: Garapenarako Lankidetzaren Euskal Agentzia, Arabako Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Eusko Jaurlaritza.

Erakusketa ikusteko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara; larunbatean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; igandean, 12:00etatik 14:00etara.

2030 Agenda eta GIH. Zer dira? Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda 2015eko irailean onartu zuten munduko agintariek, Nazio Batuen goi-bilera historiko batean, eta, agenda horretako garapen iraunkorrerako 17 helburuen (GIH) bidez, pobrezia mota oro ezabatu nahi da, bai eta desberdintasunak murriztu eta klima-aldaketaren aurka egin ere, inor atzean gelditzen ez dela bermatuz.

2030. urtera arte, herrialdeek, aberatsek nahiz pobreek, ahalegin handiagoa egin beharko dute GIHen alde borroka egiteko. Helburu horiek oso garrantzitsuak dira pertsonen eta planetaren etorkizunerako. Hori dela eta, mundua benetan aldatu nahi badugu, ezinbestekoa da denok lankidetzan aritzea: gobernuak, enpresak, gizarte zibila, bai eta zu bezalako pertsonak ere.

'Gure mundua eraldatzeko 17 helburu' erakusketa ikusgai da Geoparkean