Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere lekua du aurten ere Fitur turismo azokan

2018-01-17

Madrilgo Nazioarteko Turismo azokaren baitan, UNESCOren Munduko Geoparkeen geoturismo eskaintza aurkezteko ekitaldian parte hartuko du Geoparkeak bihar, ostegunez. Andaluziako standean egingo da eta bertara gerturatuko da Munduko Geoparkeen Sareko presidentea, Nickolas Zouros.

Gaur zabaldu da Fitur Nazioarteko Turismo azoka Madrilen. Igandera arte luzatuko da eta Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak bere lekua izango du bertan. Euskadiko standaren barruan, Euskal Kostaldearen txokoan, bisita gidatu eskaintza zabala eta geoturismo edo natura-turismoaz gozatzeko hamaika aukera emango ditu ezagutzera.

Gainera, joan den urtean bezala, Europako UNESCO Geoparkeen Sarearen markapean izango da Geoparkea Fiturren eta txoko berezia izango du bertan beste bost Geoparkerekin batera: Naturtejo (Portugal), Sobrarbe-Pirinioak (Huesca), Villuercas-Ibores-Jara (Extremadura), Las Loras (Burgos-Palentzia) eta Lanzarote (Kanariar Uharteak).

Euskadiko standaren inaugurazio ekitaldian parte hartzeko Fiturren bildu dira gaur goizean Zumaiako, Debako eta Mutrikuko alkateak. Haiekin batera izan dira hiru herrietako turismo bulegoetako arduradunak eta Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso.

Geoparkeen argitalpen berriaren aurkezpena

UNESCOren Munduko Geoparkeen geoturismo eskaintza aurkezteko ekitaldian parte hartuko du Geoparkeak bihar, ostegunez. Aurkezpena Andaluziako standean egingo da, 16:00etan, eta bertara hurbilduko da Munduko Geoparkeen Sareko presidentea, Nickolas Zouros.

Egun espainiar estatuan dauden hamaika Geoparkeak biltzen dituen argitalpena aurkeztuko dute. Ia 100 orrialdekoa, bakoitzaren geoturismo eskaintza jasotzen du.

Geoparkeko ordezkariak Alfredo Retortillo turismo sailburuarekin eta Maider Etxebarria Turismo zuzendariarekin
Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere lekua du aurten ere Fitur turismo azokan