Ibilbide geologikoak

Deba-Zumaia arteko itsasertzeko Biotopo babestuaren 5 ibilbide tematikoak:

1. Algorri: altxor geologikoa

Luzera: 1,527 km / Iraupena: 40 minutu

Jaitsi mapa eta azalpenen PDFa (3,6 MB).

Geoparkeko flyscha liburu geologiko bat da, eta 50 milioi urtetik gorako historia biltzen du geruzaz geruza, orriz orri. Informazio hain baliotsua eskaintzen du ezen adi- tuek mundu mailako mugarri geozientifiko izendatu duten. Algorri ibilbidea San Termo ermitatik abiatzen da eta flyscheko atal intentsuena zeharkatzen du: Paleozenoa. Iraganaren detektibe gisa ibiliko gara horretan zehar, gertaera ziragarriak aurkitzen ditugula, hala nola dinosauroen suntsipena edo historia geologikoan erregistraturiko klima aldaketak. Emango dugun pauso bakoitzak denboran atzera eramango gaitu eta gure planetaren historiako gertaera erabakigarriak ezagutzeko bide emango digu. 

Deskargatu Algorri ibilbidea (3,6 MB, PDF).

2. Elorriaga: Biotopoko begiratoki handia

Luzera: 2,055 Km / Iraupena: 45 minutu

Jaitsi mapa eta azalpenen PDFa (1,1 MB).

Elorriagako ibilbide zirkularra biotopoko landa paisaiatik igarotzen da eta kostalde guztiko balkoi zabalen eta ikusgarrienetako batera hurbiltzen gaitu: Elorriagako begiratokia. Hor, landak bat-batean moztu eta ehun metrotik gorako labarrak zabaltzen dira gure oinetan eta panoramika bikaina eskaintzen digute: marearteko zabalgune handia, Aitxuriko senadia eta Pikoteko harri jauste izugarriak. Itsaslabarren dinamika bizia eta biotopoko itsasertzeko ekosistemen konplexutasuna ulertzeko giltzarriak begibistan ditugu eszenatoki honetan.

Deskargatu Elorriaga ibilbidea (1,1 MB, PDF).

3. Sakoneta: senaietan eta labarretan zehar

Luzera: 4,770 km / Iraupena: 2 ordu 16 minutu

Jaitsi mapa eta azalpenen PDFa (4,9 MB).

Ibilbide honek biotopoko alderik ezkutatuen eta ikusgarrienera garamatza: Sakoneta eta Mendata gunea. Labarren ertzetik beretik aurrera doala, bidexka honek senaia bakartiak, harri zuriko murruak, ur-jauzietan isurtzen diren errekak eta Kantauriko marearteko zabalgune handienetako bat bistaratuko dizkigu. Mareabeheran agertzen den harrizko plataforma zabal horretan, itsasoaren indarrak bitxi geomorfologiko bat, paisaia zoragarri bat landu du; horrek, gainera, biotopoaren ondare naturala hobeto ulertzeko balio du.

Deskargatu Sakoneta ibilbidea (4,9 MB, PDF).

4. Talaia: Biotopoko integrala

Luzera: 10,870 km / Iraupena: 3 ordu 55 minutu

Jaitsi mapa eta azalpenen PDFa (377 KB).

Talaia ibilbideak Gipuzkoako kostalde osoa hartzen du, Hondarribitik Saturraraneraino, eta biotopoari dagokion tartea, zalantzarik gabe, ibilbideko ikusgarrien eta interesgarrienetako bat da. Ibilaldi honek ibilbide sareko gunerik ikusgarrien eta interesgarrienetako batzuk lotzen ditu eta Zumaia eta Itxaspe arteko itsasertza zeharkatzen du ezin hobeki seinaleztaturik dagoen bidexka batetik. Talaiak ahalegin fisiko handia eskatzen du, baina ingurune babestu honen zientzia, paisaia eta natura balioak ezagutzeko modurik onena da. Leku bakoitzari buruzko azalpenak dagozkion ibilbide tematikoan aurkituko dituzu.

Deskargatu Talaia ibilbidea (377 KB, PDF)

5. Lapari: Flysch beltza

Luzera: 1,910 km / Iraupena: 30 minutu

Jaitsi mapa eta azalpenen PDFa (1,3 MB).

Ibilbide labur eta erraz hau Debako itsas pasealekutik abiatzen da, hondartzen ondotik, eta biotopoko harri zaharrenetara garamatza: flysch beltza. Formazio honek Zumaiakoa baino gutxiago ezaguna bada ere, puntu guztiz deigarri batzuk ditu, hala nola Aitzandiko tolestura handiak edo Debako noduluak eta septareak. Bideak, era berean Behe Kretazeoko koral paisaian sartzen gaitu eta ohiz kanpoko hedadura dakarkio biotopoaren erregstro geologikoari.

Deskargatu Lapari ibilbidea (1,3 MB, PDF)

Ibilbide guztien mapa