Geoparkea 3 egunetan

Hiru egunean Euskal kostaldeko Geoparkea ondo ezagutzeko aukera izango zenuke, behean proposatzen dizugun egitarauarekin. Bistaldia osatu dezakezu bisita gidatu bat eginez.

Euskal Kostaldeko Geoparkea naturaz gozatzeko toki paregabea da, Flyscharen Ibilbidean eta Karstaren Ibilbidean barrena. Aisialdiko hainbat jarduera gozatu ditzakezu.

Tokiko tradizio eta kultura, antzinako ogibideak, ohiturak, kondairak, mitoak, etab. ezagutu. Edota gure gastronomiaz eta tokiko produktuez ere gozatu.

Geoparkea 3 egunetan ezagutzeko plan bat proposatu nahi dizugu:

1. eguna: Mutriku

Mutrikuko Hirigune Historikoko galtzada-harrizko kale estuetan hasiko dugu bidaia. Gipuzkoan ondoen kontserbaturiko hirigunea da Mutrikukoa eta Monumentu Multzo izendapena du. Kale hauetan barrena, jauregi eta oinetxe historikoak ikusiko ditugu, gure begien gozamenerako. Konturatu gabe, portu zaharrera iritsiko gara. Bertan, kofradi zaharra ikustea gomendatzen dizuegu, aitzinean arrain enkantea egiten zen tokia. Bertan XX. mendeko enkante batean parte-hartzeko aukera izango duzu.

Gozatu parrillan erretako arrain fresko eder batez, txakolinak lagunduta.

Arratsaldean, Flyscharen Ibilbidean barrena, denboran bidaia zoragarri bat egitera gonbidatzen zaitugu. Mutrikuko Nautilus Ikasgunean hasiko dugu bidaia eta bertan amonite bilduma zoragarria topatuko dugu. Jarraian, portuan itsasoratuko gara eta segituan, gure begien aurrean, Mutriku Deba eta Zumaia bitarteko itsaslabarrek osatzen duten mundu zoragarri batekin topo egingo dugu. Lurraren historiaren enigma garrantzitsuak argituko dizkigun geologia liburu paregabea izango dugu aurrez-aurre.

Bentalekua (Mutriku)

Museo honetan, besteak beste, XX. mende hasierako makina bitxi bat dago, arrain-enkanteak antolatzeko erabili zena, ahots ozenez egiten ziren enkanteetan sortzen ziren eztabaidak konpontzen laguntzeko. Mota honetako egurrezko makinak ia erabat desagertu dira.

Museoan, Mutriku eta itsasoari buruzko erakusketa iraunkorra dago, hiribildu honen historiaren gainekoa, eta portuan izandako aldaketak, arrantzarako tresnak, eta abar ezagutu daitezke bertan. Informazio gehiago Bentalekuari buruz.

Nautilus Ikasgune Geologikoa (Mutriku)

Mutrikuko amildegiak, flysch beltzez osatuak, 100 milioi urte baino gehiago duten fosilez beterik daude. Jesus Maria Narvaezen urtetako lan eta berreskurapenari esker, lagin bilduma garrantzitsu bat antolatu ahal izan da, eta, orain, Nautilus ikasgunean erakusgai dago.

2. eguna: Deba

Deba Geoparkearen barnealderantz abiatzeko kostako herria da. Barnealdeko bailara hauek itsasaldearen kontrapuntua dira baina bi mundu hauek bertatik bertara daude. Bailara hauen artean, Debako Lastur nabarmenduko genuke, Gipuzkoako bailara ezkutatu eta ederrenetakoa. Bertan baserri munduko ohiturekin bat egingo dugu eta besteak beste, Plazaolako antzinako errotak, gaztandegia edota oihal tailerra ere ikusi ahal izango ditugu. Karstaren Ibilbidean barneratu gara jadanik. Kareharriaren higadurak sortutako paisaien mosaikoa da ingurune hau, antzinako garaietan itsaso tropikal batean azpian sortua. Inguru hau guztia izaki mitologikoen bizileku eta gure jatorriak ezagutzeko toki ezin hobea da.

Tokiko produktuak dastatuz, bazkari tipiko batez gozatzea gomendatzen dizugu.

Arratsaldez, Debako Santa Maria Eliza ezagutu ezazu, euskal gotikoaren harribitxia. Debako hirigune historikoaren bihotzean dagoen eliza honek bisitaria aho zabalik usteko ahalmena du. Kostaldeko herri izan da eta da gaur egun Deba eta bertako hondartza zein ibai inguruaz gozatzeko parada izango duzu.

3. eguna: Zumaia

Zumaia ere Geoparkearen sarrera atea da. Bertako bisita kulturalak Zumaiako ondarearen elementu nagusiak erakutsiko dizkigu. San Pedro ermita ere bisitatuko dugu eta bertako kanpandorretik inguruko bista zoragarriez gozatuko dugu. Zuloaga Museoko bisita ere ezinbestekoa da. Antzinako ermita eta Santiago Bideko erromesen ostatu izan zen tokia gaur museo eder bilakatu da eta Zuloagaren obraren hainbat pieza eta bere bilduma pertsonala ere bertan daude ikusgai.

Arratsaldez, Algorri Ezagutza Etxea ikustea gomendatzen dizuegu, flyscharen eraketa eta ingurune honetako natura ezagutzeko ezinbesteko bisita. Jarraian, Algorriko Puntarantz paseoa ere oso gomendagarria da, bertan, ilunsentiaz gozatzeaz gain planetaren azken extintzioaren arrastoak ere topatuko dituzu.

Eguna amaitzeko omenaldi bat: Zumaiako hirigune historikoan barrena “pintxo” ederrak dastatzea proposatzen dizugu. Ez zara damutuko!

Zuloaga Museoa (Zumaia)

Santiago Etxea Urola ibaiaren bokalean dagoen monumentu-multzo bat da, bere padura babestuaren eta izen bereko Kantauriko hondartzaren artean kokatua. Zuloagaren obra euskal margolariaren estudioan dago ikusgai; bere bilduma pribatuaren museo eta Santiagoko Bideko baseliza den tokian.

Aipatutako espazioek Ignacio Zuloagaren mihise garrantzitsuak biltzen dituzte, baita margolariak bere bizitzan zehar gorde zituen artelanak ere.

Santiagoko Bideko baselizan, Zumaiako eskultore eta Zuloagaren adiskide mina zen Julio Beobideren Kristo gurutziltzatua ikus daiteke, baita Quintín de Torreren Andre Maria Doloretakoa ere.

Algorri Interpretazio Zentroa (Zumaia)

Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroak, herriko K/T mugaren izena hartu duenak –planetako 5. desagertze handia markatzen duen geruza–, kostaren ingurune naturala modu entretenigarrian aurkeztu eta esplikatzen digu, flyscharen eraketa barne.