Geologia

Euskal Kostaldeko Geoparkeak inoiz idatzi den liburu zoragarriena du bere baitan. Orrialdeak itsas azpian eratu ziren eta gaur egun, geruzaz geruza, 13 kilometro baino gehiago dituen jarraikako liburua osatzen dute itsaslabarretan. Geologoek Lurraren historiaren 60 milioi urtetik gora irakur dezakete bertan, elkarren segidan. Dinosauruen desagertze handia, Kretazikoaren amaieran gertatua, edota Eozeno hasierako berotze klimatiko handia dira haitz hauetan idatzirik dagoen historiak eskaintzen diguna.  

Hainbat hamarkadatan ikerketa zientifikoak egin ostean, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak (IUGS) eta UNESCOk Geoparkearen Kostaldeko flyscha planetaren azaleramendu geologiko handienetakotzat jo dute. Nabarmentzekoa da, halaber, erosio prozesuen ikusgarritasunak eragindako itsasertza, non aurki daitezkeen itsaslabar bikainak, lur-jausiak, marearteko zabalguneak eta hareazko hondartza politak, bertan deskantsatu eta inguruneaz gozatzeko.

Geoparkearen barnealdean, Behe Kretazikoko kareharrizko mendiz osatua, bailara itxiak aurki ditzakegu non tradizioak eta paisaiak ia-ia ukitu gabe gaurdaino mantendu diren. Mendi hauek higadura handia jasan dute eta, ondorioz, berezitasun karstiko bilduma garrantzitsua aurki dezakegu bertan. Nabarmenena, Paleolitikoan okupaturik egon diren hainbat eta hainbat koba. Geoparkeko ondare arkeologiko interesgarri honen baitan, Ekaingo labar-pinturak ditugu, Gizateriaren Ondare izendatuak.

Euskal Kostaldeko Geoparkea, denbora geologikoaren entziklopediaz gainera, unibertso konplexu bat da, non substratu geologikoa ezinbesteko baldintzatzailea izan den milaka urteko kultura finkatzeko, gaur egun oraindik ere bertako bizilagunen ohituretan bizirik dirauena.

[BIDEOA: KARST]