Marrazki lehiaketaren sari-banaketa eta doako bi ibilaldi gidatu, Geoparkearen Astearen baitan

2017-06-01

Ostiralean, “Labarretako izakiak” marrazki lehiaketaren sari-banaketa egingo da Debako Turismo Bulegoan. Larunbatean, Asier Hilario Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak gidatutako irteera geologiko berezia egingo da Zumaian, euskaraz, “Flysch & Go” proiektuari amaiera emango diona. Eta egitaraua osatzeko, igandean, Olatzeko Geo-ibilbidea inauguratuko da, Mutrikun.

Euskal Kostaldeko Geoparkea Europako Geoparkeen Astea ospatzen ari da egunotan, bertako ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburuarekin. Asteburuari begira, hainbat ekitaldi antolatu dira Deban, Mutrikun eta Zumaian. 

Ostiralean, ekainak 2, 17:30ean, Debako turismo bulegoan, Geoparkeak antolatutako marrazki lehiaketaren sari-banaketa egingo da. “Labarretako izakiak” goiburupean, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako lehen hezkuntzako ikasleei zuzendu zaie lehiaketa, 6 eta 12 urte bitartekoei. Haur eta gaztetxoek bikain erantzun diote deialdiari eta marrazki mordoa jaso dira; guztira, 557 marrazki.

Hiru kategoria ezarri dira, ziklo bakoitzeko bat, eta kategoria bakoitzean lanik onenek diploma eta oparia jasoko dute. Horrez gainera, marrazki guztien artean onenak sari nagusia eskuratuko du: berarentzat eta bere familiarentzat Errioxako Enciso herrian dagoen “El Barranco Perdido” paleoabentura parkea ezagutzeko bidaia (sarrerak eta gau bateko egonaldia).

Larunbatean, ekainak 3, goizeko 10:00etan, ibilaldi geologiko berezia egingo da Zumaian. Asier Hilario Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak gidatuko du ibilaldia eta euskaraz egingo da. 

Txango honek emango dio amaiera “Flysch & Go” proiektuari, Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Hendaian egoitza duen Euskal Itsasbazterreko IEZI elkarteak azken hilabeteetan aurrera eraman dutena, herritarren artean, bereziki gazteen artean, geologiaren ezagutza bultzatzeko. Egitasmoaren baitan, euskal kostalde osoko mapa geologikoa osatu da, interesgune geologiko guztiak aipatuz. Mapa honen aurkezpena egingo da larunbateko txangoan. Zumaiatik abiatuz, euskal kostaldeko leku desberdinetako flyscha ezagutzeko aukera izango da. Herritarrek izena eman dezakete, doan, Algorri Interpretazio zentrora deituz: 943 14 31 00.

Egun berean, larunbatez, 11:00etan, Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroak argazki rallya antolatu du 10 eta 16 urte arteko gazteentzat.  

Igandean, ekainak 4, 10:00etatik 13:00etara, Olatzeko Geo-ibilbidea inauguratuko da, Mutrikun. Ibilbidea gidatua izango da, EHUko eta Geoparkeko kideen eskutik, eta herritarrek doan parte hartzeko aukera dute. Izen-ematea Mutrikuko turismo bulegoan: 943 60 33 78

Guztira 6,5 kilometroko ibilbidea da eta familia osoarentzat aproposa, ez baitu zailtasunik. Olatzeko haran harrigarria ezagutzeko gonbitea egiteaz gainera, bertako bitxikeriak deskubritzeko aukera ematen digu, piramide forma duten mendiak, artadi handiak, Jentiletxetako leizeak, haran honetako herrixkak eta baserrietako ohiturak ere. Ibilbidean zehar hainbat interpretazio panel jarri dira. 

Argazki lehiaketa ere abian da sare sozialetan, Geoparkearen Astearen baitan. “Zer da zuretzat Geoparkea?” goiburupean, ekainaren 4ra bitarte, Twiterren eta Instagramen argazkiak partekatzen dituztenek, #Geoparkea traola erabiliz, sariak irabazteko aukera dute. ➡️ http://bit.ly/ZerDaZuretzatGeoparkea

Marrazki lehiaketaren sari-banaketa eta doako bi ibilaldi gidatu, Geoparkearen Astearen baitan