Euskal Kostaldeko Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin du gaur, Deban

2017-05-19

Gaur, ostiralez, Euskal Kostaldeko Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin du Deban. Bertan Geoparkearen plan estrategikoaren berri eman zaie batzordekideei eta batzordearen beraren garrantzia azpimarratu da.

Europako Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekitaldiei hasiera ematearekin batera, gaur, ostiralez, Debako Agirre Jauregian, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin du. 

Bileran Geoparkearen plan estrategikoaren berri eman zaie batzordekideei  eta batzordearen beraren garrantzia azpimarratu da. Batzorde Zientifikoa funtsezko bitartekoa da Geoparkeari eduki sendoa eta balio erantsia emateko, baita interpretazio-diskurtso osoa eta erakargarria sortzeko ere.

Debako alkateak, Pedro Bengoetxeak, eman die ongi etorria kideei. Bileran Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak ere parte hartu du.

Geoparkearen Batzorde Zientifikoa jakintza-arlo desberdinetan diharduten mundu osoko 29 adituk osatzen dute, Stanley Finney geologo entzutetsua buru dutela. Finney, Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea da eta IUGSeko Idazkari Nagusia (International Union of Geological Sciences / Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna). 

Hain zuzen ere, atzo, hilak 18, Markel Olano diputatu nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak harrera egin zioten, Donostian, Stanley Finneyri. Ekitaldian izan ziren, baita ere, Pedro Bengoetxea Debako alkatea, Oier Korta Zumaiako alkatea, Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea, Geoparkeko gerente Leire Barriuso, eta Geoparkeko zuzendari zientifikoa, Asier Hilario. Ondoren izandako bileran, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen balio geologiko, natural eta kultural nagusiak ikerkuntza bultzatuz zaintzea eta zientziaren arloan mundu mailako erreferente izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Aldundiak eta Geoparkeak.

Geo-Talks, arratsaldean Donostian

Zientzialariek eta kultur sortzaileek bat egingo dute gaur arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Geo-Talks izeneko ekimen artistiko-zientifikoan Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen eskutik, Donostiako Olatu Talka jaialdiaren baitan. Ekitaldi hau Teknahik zientzia kalean zabaltzeko asmoz antolatu duen UrbanZientzia ekimenaren programazioaren barruan egingo da.

Saioak 10 minutuko hitzaldi zientifikoak hartuko ditu izen handiko sei adituren eskutik, denak Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kideak, hala nola, Stanley Finney geologoa, Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea, IUGSeko Idazkari Nagusia (Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna) eta Geoparkeko Batzorde Zientifikoko presidentea; Juan Carlos Gutierrez, CSICeko paleontologoa (Ikerketa Zientifikoen Goi Batzordea); Estibaliz Apellaniz, EHUko paleontologoa; Jon Zulaika, Gipuzkoako Foru Aldundiko biologoa; Arantza Aranburu, EHUko geologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea; eta Xabier Peñalver, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa.

Zientzialariekin batera, ekitaldian parte hartuko dute Inazio Tolosa eta Esti Curiel aktoreek, Ander Hormazuri eta Juanlu Blanco txalapartariek, Maialen Belarde bertsolariak, Beñat Fernandez musikariak eta Josu Maroto marrazkilariak. Inazio Tolosaren zuzendaritzapean, ekitaldia osatuko dute sormena, bizitasuna eta freskotasuna gaineratuz. 

Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Donostiako Katalunia Plazan, eta 90 minutuko iraupena izango du, gutxi gorabehera. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango da. Sarrera librea eta doakoa izango da aretoa bete arte.

Euskal Kostaldeko Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin du gaur, Deban