Euskal Kostaldeko Geoparkea Basque Fest jaialdian izango da Aste Santuan

2017-04-11

Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak bigarren urtez hartuko du parte Basque Fest jaialdian Bilbon, apirilaren 12tik 16ra.

Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak bigarren urtez hartuko du parte Basque Fest jaialdian Bilbon, apirilaren 12tik 16ra. Stand propioa izango du bertan, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako, hau da, Geoparkea osatzen duten hiru herrietako erakargarri turistikoak ezagutzera eman eta urte osoan eskaintzen dituen esperientzia eta bisita gidatuen berri emateko. Halaber, tokiko produktuez osatutako Geogourmet otarrak eskuratzeko aukera ere izango da.

Jaialdiaren baitan, Gourmet Txokoa deritzon espazioan egongo da Geoparkearen eskaintza, Bilboko Areatzan kokaturiko karpa erraldoian. Geoparkeko standera hurbiltzen diren bisitarien artean bisita gidatuak zozkatuko dira.

Gastronomia, dantza, musika, herri kirolak, antzerkia, haurrentzako animazioa, tailerrak, azokak, kalejirak… Basque Fest jaialdiak 200 jarduera inguru antolatu ditu Aste Santuan Bilbora hurbilduko diren bisitarientzat zein oporretan hirian geldituko diren herritarrentzat. 

Euskal Kostaldeko Geoparkea

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen dute Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea, eta Gipuzkoan zein Euskadin ekoturismoaren erreferentzia bilakatu da. 2010az geroztik Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kidea da eta, ordutik, urtez urte, lehen  mailako geoturismo eta natura turismo-helmuga berritzaile gisa sendotzea lortu du. Halaber, 2015ean, Geoparkeak gordetzen duen ondare natural eta kultural oparoak errekonozimendu garrantzitsua eskuratu zuen, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena, nazioarte mailako proiekzioa areagotuz.

Geoparkeak, bere ondare geologiko, natural eta kultural aparta ezagutzera emateko asmoz, eta, aldi berean, balio horien guztien kontserbazioa sustatu nahian, esperientzia aukera zabala eta anitza proposatzen du; Geoparkeko flyscharen itsaslabar ikusgarriak uretatik ikusteko itsas-ibilaldiak, familiartean egiteko proposamen dibertigarriak, bisita kulturalak eta ibilbide gastronomikoak, eta bestelako planen bila dabiltzanentzat kutsu zientifikoago bat duten esperientzia bereziak.

Bisita gidatuen gaineko informazio osatua eta ordutegiak hemen kontsulta ditzakezu: bisita gidatuak.

Euskal Kostaldeko Geoparkea Basque Fest jaialdian izango da Aste Santuan