‘Elutzetako’ elurzuloa balioan jartzeko auzolana

2017-06-28

Itziarko Auzo Udalak antolatuta, uztailaren 3an hasi eta aste osoan zehar auzolana burutuko da elurzuloa balioan jartzeko.

Andutzeko parajean dagoen ‘Elutzetako’ elurzuloa balioan jartzea da auzolanaren helburua. Horretarako, zuloa hustu eta hormak konponduko dituzte. Ondoren, babes-itxitura, azalpen-panela eta seinaleak ipiniko dira lekuan.

Auzolanean burutuko da jarduna, Suhar Arkeologia taldearen gidaritzaz. Xehetasun gehiago:

  • Lantaldeak aldez aurretik osatuko dira, txanda desberdinak antolatuz. Unean-uneko laguntza ere ondo etorriko da.
  • Baliabideak eta hamaiketakoa antolatzailearen esku.
  • Arropa eta oinetako egokiak eraman lanerako. Eguzkitarako babesa ere bai.
  • Adina: 12 urtetik gorakoentzat.

Lan-ordutegia: 9:30etik 14:00etara. Hamaiketakoa 11:30etik 12:00etara.

Harremanetarako: 627 69 36 32 (Xabier) 

  • Elurzuloari buruz:

Elur eta izotzaren erabilera aintzin-aintzinatik izan da ezaguna, batez ere janariak eta edariak freskatzeko edota gaixotasun eta epidemiei aurre egiteko. Izotza garaiz kanpo hornitu ahal izateko elurzuloak erabili ohi ziren.

Euskal Herrian XVI. Mendetik aurrera, elurzuloak ugaritzen hasi ziren, hirietako jendearen eskariari aurre egiteko, eta hauen ustiaketa udal, monastegi edota komentuen esku egoten zen. XIX. mendearen amaieran, izotza argindarraren laguntzaz modu artifizialean egiten hasi zenean, elurzuloen gainbehera etorri zen, harik eta XX. mendeko bigarren hamarkadan bertan behera utzi ziren arte.

Elurra bildu eta denbora luzeagoan mantentzeko erabiltzen zuten prozesua honakoa zen: elurzuloko lurra landarezko jantzi batez estaltzen zuten. Gero, erortzen zen elurra mazoaz eta makilaz prentsatzen zuten hura trinkotzeko. Jarraian, adarrez estaltzen zuten zuloa bete arte, eta azkenik, belar lehorrarekin estaltzen zuten.

Gure inguruan ere bada elurzulorik, Arrateko Sakonekoa Agiron, edota Xoxotekoa, besteak beste. Hurre dugun arren, ezezagunagoa da Elutzetakoa, Andutz magalean. Itxistan, Ibixa eta Teleixa baserrien artean ustiatzen omen zuten garai batean eta bertatik Donostia, Zarautz edota Hondarribiraino garraiatzen zuten izotza, gauez eta mandoz. Elurzulo hau galduta dago, eta auzolanean konpondu eta ezagutzera ematea da asmoa, uztailaren 3an ekin eta egun askorik gabe amaitu arte, sasoiaren arabera.

 

Antolatzailea: Itziarko Auzo Udala

Laguntzailea: Danobat

 ‘Elutzetako’ elurzuloa balioan jartzeko auzolana